Juan Karlos María Isidro Borboikoa eta Braganza, Montinzóko kondea, dinastia karlistako erregegaia Juan III.a izenarekin izan eta Frantziako eta Nafarroako Juan III.a izenarekin Frantziako tronurako erregegai legitimista. Karlos María Isidro eta María Francesca de Braganza infantaren semea zen. 1833an bere aitarekin Portugalera joan zen eta 1834an Ingalaterrara. 1847ko otsailean Beatriz de Austria-Este artxidukesarekin ezkondu zen.
Modenan bizi izan ziren 1848ko Iraultza arte, Londresera joan zirenean. Erbestean liberalen jarreretara hurbildu zen eta horrek bere familiarekin aurrez aurre ipini zuen. Hala ere, La Rápitako gertaeraren harira, bere anaiak tronua utzi zuenean, dinastia karlistaren oinordetza onartu zuen eta erregegai bilakatu zen, babes gutxi izan arren. Izan ere, bere aitaren alargunak, María Teresa de Braganza, familiaren kontrola hartu zuen legitimitate karlista kentzeko.
1864ko Espainiarrei Eskutitzean Karlos, Juanen semea, aldarrikatu zuen zilegizko erregegai gisa Karlos VII.a izenarekin. Juanek 1868an abdikatu zuen bere semea Bigarren Karlistaldian laguntzeko. 1883an Frantziako tronuaren oinorde bilakatu zen Chambordeko kondea hiltzean. Brightonen (Ingalaterra) hil zen 1887ko azaroaren 21ean. Bere gorpua Triesteko (Italia) katedralean dago.